ITZULI LEHENALDIA ENTZUTERA
June 29th, 20142014ko ekainaren 15ean BERRIA egunkarian agertu bezala:
24 bideo minutuko. 1.440 bideo orduko. 3.500 miloi bideo eguneko. Gizakiaren historia osoko irudi gordailu haundiena den Youtuberen datuak dira. Sekula ez dugu hainbertze dokumentu eskura eduki, hainbertze informazio, hainbertze jakintza, eta paradoxikoki soziologoak kezkatuta daude intelektualki inoiz baino alferragoak garelako. Pilatutako dokumentuen kopuruak ez du inor adimentsuago egiten. Musika ere ez da fenomeno hortatik salbatzen. British Library erraldoiak adibidez 25.000 soinu dokumentu jarri ditu online azken urte guttitan eta Soundcloud webguneak egunero soinuak zintzilikatzen dituzten 250 miloi erabiltzaile ditu. Sareko dokumentuen erabilerak arautzeko jurisdikzio transnazionalik ezean, milaka soinu eta musika agertzen da sarean uneoro. Ezagunak nahiz ezezagunak, legalak edo ilegalak, ineditoak, berrinterpretatuak nahiz ebatsiak.
Baina edukien kalitatearen gainetik, eskuratzeko gaitasuna lehenesterakoan gailentzen zaigun antsietate amaiezinarekin batera, irizpideak galtzen ari gara. Berriki entzun diot zenbait irakasleri, hori dela gaurko ikasleen kezka nagusienetakoa. Sareko neurrigabetasun erraldoi hortan zer entzun eta zer baztertu, eta aukeraketa horiek zein irizpidiren arabera egin jakiteko arazoak dituzte, eta ondorioz fenomeno honek eragindako deribak beti homogeneizazioaren alde egiten du.
Dena sarean dagoen garaian, musika zaharrak, auniztan gure belarrietarako estreinekoz, gordetzen dituzten gero eta disko gehiago argitaratzen da. Honest Jon’s edo Dust to digital bezalako disketxeak dira horren eredu, eta aldiberean diskogintza garaikidearentzako eredugarri. Musika zaharrak aurkezterakoan, gaur egungo testuinguruan, ikuspegi kritikoekin dokumentatuta, pedagogia lan haundia egiteke dugula erakusten digute argitalpen bakoitzarekin. Musiken aitzakian, entzuteko irizpide interesgarriak argitaratzen dituzte. Inoiz baino entzungai gehiago izan arren, inoiz baino entzule pobreagoak bihurtzeko arriskua dugun garaiotan, diskoak erresistentzia ariketa interesgarriak bihurtu dituzte.
Xabier Erkizia