ORAIN ARTE ENTZUNDAKOAK
June 29th, 20142014ko ekainaren 29an BERRIA egunkarian agertu bezala:
Emanaldia eskeini eta biharamunean jaso zuen CDa. Hemen duzu atzoko kontzertua, erran zion diskoa besapean zekarrenak musikariari. Baina haren sorpresarako, ezezkoarekin erantzun zion musikariak. Han ez zegoen bezperako kontzerturik. Kontzertua, gertatu bezala joan zen, entzule bakoitzaren belarri pareetan barna biderkatuz desagertu zen. Beraz, bikain grabatuta ere, haren kopiarik egitea ezinezkoa zela erran zion CDaren egileari. Geroztik soinu haien kopia guztiak desagerrarazteak obsesionatu zuen musikaria. Nola egin, ordea? CDa txikitzea nahikoa ote zen dozenaka belarrietan itsatsita gera zitekeen hura ezabatzeko?
Oraindik Berria ez zenean berri izan zen, horraino badakit. Baina ez dut gogoan zehazki noiz hasi nintzen. Geroztik batzuetan astero, bertzetan hilero edo bi astez behin belarrietan bildutako zaratak paper zuri batean jartzen saiatu naiz, a capella eta bi ahotsetara. Eta saiatuta ere, ia ezinezkoa egiten zait, denbora guzti hortan paper gainean jartzen saiatutako kontzertuak ezabatzea.
Bere garaian, hasierako pasarteak eragindako ezinegonaren berri eman zidan Alex Mendizabalek, aurkitu zion irtenbidea bere arazoari: belarrietako argizaria bada entzundakoaren arrastoak fosilen gisara gorde dituena, CDa argizariz estaltzea izan liteke soluzioa.
Batzuetan, antzeko zeozer sentitzen dut nik ere entzundakoari buruz idazten dudan bitartean. Paper zuria soinu beteko argizariz zikindu banu bezala. Entzundako guztiaren kopia fidagarriak egiteko ezintasunaz jakitun, idazteak, R. Murray Schaferrek “belarrien garbiketa” bezala definitzen zuen ariketa egiteko balio izan didala uste izan dut gaur arte.
Isiltasuna soinu beltza dela irakurri nion aspaldi idazle anonimo bati. Eta ideia horrek ere balio du paper zuria soinuz zikintzeko metafora bezala. Izan ere, halako zeozer gertatzen da soinuari buruz idazterakoan ere: letra beltzek auniztan soinu iragankorrek baino zarata gehiago eragiten dute. Beharbada, iritsi da isiltzeko garaia.
Xabier Erkizia