ITZULIAREN TRUKE
Friday, May 16th, 20142014ko maiatzaren 15ean BERRIA egunkarian agertu bezala:
Vulfpeck izeneko soul-pop talde iparramerikarrak 20.000 dolarreko dirusaria jaso du berriki ia ezerezen truke. Horretarako, taldeak enbidoa luzatu dio streaming bidezko iraultza lau haizeetara zabaldu zuen Spotify plataforma digital suediar ezagun, erabiltzeen iritziz erabilgarri eta musikari anitzen iritziz kritikagarriari: musikarik gordetzen ez duen disko isila asmatu —estrategikoki Sleepify izenez—, plataforman zintzilikatu eta jarraitzaileei konpultsiboki erreproduzitzeko eskatu zien. Erreprodukzio bakoitzeko 0,007 dolar ordaintzen dizkio artistari Spotifyk; beraz, disko mutua 3 miloi aldiz errepikatzea lortu zuen talde amerikarrak, betiere beren bira berria martxan jartzeko diru nahikoa lortzeko helburuarekin. Spotifyk segidan erretiratu du diskoa, ez dituela euren arauak betetzen argudiatuz. Baina Spotify klub pribatua dela onartuta, zalantza sortu zait klubeko arduradunak benetan kezkatzen dituena ez ote den musikariek egindako erabilera interesatuak azaleratutako arazoa, eta ez hainbertze arauak ez betetzea.
Onar dezagun: joaldi bakoitzeko 0.007 dolarrekin biziko den musikaririk ez da existitzen oraindik (lehen) munduan. Hala ere, eskuragarritasuna aitzakia gisara hartuz eta sare sozialek errepikatzen diguten mezu gaiztoa amu gisara erabiliz —«hemen ez bazaude, ez zara existitzen»; «ez baduzu Spotifyrik, ez zara musikazalea»—, Spotifyk milioika musika gehitu ditu bere katalogoan. Batzuk guztiz legalki, bertzeak ez ikusiarena eginez.
Ez genuke ahantzi behar Spotifyren helburua bazkideek ahalik eta klik gehien egitea dela. Musika, helburua baino gehiago, medioa da. Baina erosoa da, eta hori du arrakastaren sekretua. Etxetik mugitu beharrik gabe, tarifa bat ez den bertze inolako erantzukizunik eskatzen ez duen zerbitzua eskaintzen du.
Sare sozialak justifikatzeko zaleenganako komunikazio zuzena arrazoi gisara erabiltzen den garaiotan, musikazaleok (egile eta ekoizleek barne) serioski pentsatu beharko genuke ea hori ote den amesten dugun entzulearen profila.
Xabier Erkizia
ITZULI OFIZIORA
Saturday, May 10th, 20142014ko maiatzaren 1ean BERRIA egunkarian agertu bezala:
Zergatik gara musikariak gitarristak edo saxofonistak, eta margolariak ez dira pintzelistak?», entzun diot galdera Wade Mathews musikariari. Ezohiko ateraldia izateaz gain, bere hitzek balio dute kulturgile edo artegile izatea pentsa baino zailagoa dela gogorarazteko kultura eta artea luxu preszindibleak direla uste dutenei. Profesioa onartzea edo ofizio bihurtzea lan zaila eta konplexua da artistarentzat. Kontrako mezua maiz eta arin xamar entzuten dugun arren, zaila bada norberak egiten duena artea dela onartzea, are zailagoa da norberak artista izaera, ez akaso onartzea (hori denok egiten dugu, iturgin edo igeltseroek barne), baizik eta profesionalki baldintza duinetan praktikatzea.
«Egunero gosaria egiteak ez zaitu sukaldari bihurtzen. Era berean, musika egiteak ez zaitu musikari bihurtzen», kontatu zidan Iñigo Ugarteburuk. Musikari ofizioaren gaur egungo egoera ulertzen saiatze hutsak arazoak sortuko dizkigu nahitaez musikariei buruz errotuta dauzkagun usteekiko. Azken 40 urteotan musikaren industria erraldoiaren egiteko moduen bidez eraikitako topikoak oraindik bizirik dauden honetan, musikaria, profesionala, mamu baten antzeko zeozer bihurtu da. Kanpotik begiratuta, agertokiaren glamour-ak garai bateko izarren luxuzko bizitzaren ikuskizun zaharkitua ikusarazten digu, taula gainean daudenen errealitateak guztiz bertzelakoak izan daitezkeela pentsatzeko susmorik gabe. Inoiz baino disko gutxiago saltzen den arren, oraindik musikariak diskoen salmentetatik aberasten direla sinetsita bizi gara. Ez gara konturatzen gaur egun diskoak musikarien etxeetako Ikeako apal merkeetan pilatzen direla. Foku azpian, topikoen dirdirak gailentzen zaizkie errealitatearen itzalei.
Erraterako, berriki, Jason Molina (Songs: Ohia), Chuck Schuldiner (Death) eta Vic Chesnutten heriotzek erakutsi digute musikarien fokutik kanpoko errealitate zenbait. Super-izarren luxuetatik urrun, bizitza osoa taula gainean eman ondotik, gaixotasunaren gastuei aurre egin ezinagatik joan dira hiru profesional hauek.
Xabier Erkizia
ITZULI BARRIKADETARA
Saturday, May 10th, 20142014ko apirilaren 17an BERRIA egunkarian agertu bezala:
Eskusoinua gainean, eskopetadun lagunak alboan, eta jomuga, belarria, froontean, etsaiarengan jarrita. Halaxe ageri zen erretratatua musikaria Joseba Tapiaren Agur Intxorta maite disko zoragarriaren azalean. Epika greziarrak gogora ekartzen dituen argazki hartan.
Liburu zaharretan ageri da idatzita musikak sortzen duela mitoa, musikak biziarazten duela, hark bihurtzen duela egia entzuten den aldioro. Eta geroztik beti egon izan da musikariren bat, eta ondorioz musikaren bat —edo batzuk edo anitz— edozein mito jaiotzeko eta bizitzeko momentu guztietan. Gerrak irabazi edo galdu, musikaria frontean izan da beti. Egiak entzutea eta gezurrak sortzea da haren lana.
Frantses iraultzak Marsellesaren melodia jarri zion dekapitazioari. Espainiako gerran, segalarien alde, barrikadetara deituz edo Karmelari negar eginez kantatzea egokitu zitzaion. Eusko Gudariak eta Cara al Sol. Bando batean nahiz bertzean, beti Avanti Popolo. Musikak beti ematen dio arrazoia bere erritmoan dantzatzen duenari. Garai berriak etorri ziren. Punk musika jarri zioten 80koari, soinu banda globalizatua antiglobalizazioari, eta horrela nahi adinatan garaiz garai. Baina jada ez da gertatzen. Iraultza berriek ez dute musikarik. Eta pentsalari nahiz soziologo anitzek artista garaikideen utzikeriari edo apatiari leporatu dio isiltasunaren ardura. Industriak ere ez du profitatu iraultza. Ongi daki halako mugimendu faltsu batek, zilegitasun herrikoiaren protestetatik negozioa egiteko edozein saiakerak, hagitz zauritua dagoen negozio eredua behin betiko akabatu dezakeela. Azken finean, iraultzak efimeroak dira, ziklikoak. Interes ekonomikoak, ez.
Musikariak, bere lanaren ekoizle bakar bihurtzerakoan, industriaren logika bera besarkatu du, halabeharrez. Diskoak saltzea, mezua zabaltzea, bere esku duenetik bizibidea egitea bertze irtenbiderik ez du. Iraultzak ez du musika galdu. Musikak ez du galdu iraultza. Hor jarraitzen du, aurreratzen, mitoak sortzen. Musikariak ez, ordea, eta ez apatiagatik. Gaur egungo musikariak bere gerra, bere barrikada bertze leku batean du. Bertze fronte batean.
Xabier Erkizia
ITZULI DANTZARA
Tuesday, April 8th, 2014Airea gure oihuz beteta dago. Baina ohiturak gortzen gaitu.
El aire está lleno de nuestros gritos. Pero la costumbre ensordece.
Samuel Beckett
2014ko apirilaren 3an BERRIA egunkarian agertu bezala:
Samuel Beckett zenari onartu izan zaion aipu ezagun batek dio: «Lehendabizi dantza egin, gero pentsatu, hori da ordena naturala». Esaldia lehen aldiz jaso nuenetik (ez dut gogoan begiz edo belarriz izan zen), buelta dezente eman izan dizkiot. Hasieran, Beckettekin lotzea kosta zitzaidan. Gero, proklama cool bat baino ez zela pentsatzera iritsi nintzen. Ondotik, entzumenarekin lotu nuen, «lehendabizi entzun, gero pentsatu», bertze aukerarik ez zuelakoan. Eta azkenik, esaldiaren jatorria topatu arte, bakerik ez.
Aipuekin gertatu ohi da. Bereziki, hildako pertsonen hitzekin. Erantzuteko modurik ez dutela jakiteak lasaiago uzten digu bertzeen hitzak gure interesera moldatzen. Izan ere, Beckettek ez zuen sekula halakorik idatzi. Jatorriz, baieztapen ezaguna, Godoten esperoan antzerki lanaren pasarte batean ageri da, baina ez zehazki aipuak dioen bezala. Antzerkian, Estragon pertsonaia, Pozzo eta Vladimir izeneko bertze bi gizonekin hizketan ari dela ageri da Becketten esaldi bihurtu zen elkarrizketa. Pozzok eskertu egin nahi die lagunei emandako laguntza, eta aukeran jartzen die eskertza: «Zer nahi duzue? dantzatzea? abestea? errezitatzea? pentsatzea? guretzako zerbait pentsatzea nahi duzue?». Vladimirrek argi dauka: «Nahiago nuke pentsatzen entzun». Estragonek aldiz, galdera: «Ez bada gehiegi eskatzea, posible izango al litzateke lehendabizi dantzatzea eta gero pentsatzea?». Eta Pozzok erantzun: «Jakina, ez da hori baino gauza errazagorik. Gainera, ez al da hori ordena zuzena?» (irri).
Gureak ez diren hitzekin fikzioa egiteak ez du txarra izan beharrik. Musikarekin ere etengabe gertatzen da. Jolasa da. Hori da ordena naturala. Izatekotan, gureak ez diren hitzekin egiak sortzea da arriskutsua. Ironia dogma gor bihurtzea. Autobiografia fikzionatuak asmatu zale, ironiaren eta errepikapenaren aldeko zen Luc Ferrari konpositoreari egindako Almost nothing elkarrizketa-liburuan irakur daiteke: «Niretzat, pentsarazten ez duen musikak ez du zentzurik». Baina baliteke transkripzioa edo itzulpena ere okerra izatea.
Xabier Erkizia
ITZULI ILARARA
Thursday, April 3rd, 2014BERRIA egunkariko A CAPELLA zutabean 2014/03/20an argitaratu bezala
Museoko atarian jende ilara luzeak osatu zirela diote. Bakarren batzuk negozioa ere egin omen zuten, ilaran denborarik galdu nahi ez zuten exekutibo pribilegiatuei ikuskizunaz gozatzeko aulki erosoa gordetzearen truke. Ezohiko espektatiba sortu zuen Erlojuak jendaurrean lehen aldiz erakutsi zutenean New Yorken. Ezohikoa, txakur loratu itxura ez duen arte lan garaikide batentzat.
Ez dugula ulertzen erraten digute, eta aunitzetan, zehazki zergatik jakin gabe, ez dutela guk ulertzerik nahi sentitzen dugu. Itzuli ilarara, mesedez. Azkarrago ikasten dugu Triptikoarengatik zenbat miloi ordaindu dituzten enkantean, Francis Baconi, edo hain garesti saldu duten margolanaren ezaugarriei buruz baino. Halakoa da arte garaikidearekiko adostu dugun harreman bitxia. Gehiago dakigu hari buruz zer dioten, hari buruz baino.
2007an ikusi nuen azken aldiz Christian Marclayren lan bat Euskal Herrian. Museo garaikide izateko jaio eta azkenean Kaaba ahantziaren itxura hartu zuen Uharteko zentroan erakutsi zuten haren Crossfire ikus-entzunezko lana. Han ez zen ilararik, ezta exekutiborik ere. Han ez zen inor. Bolborazko segundoak bailiran, Marclayren instalazioaren tiro hotsen oihartzuna bertzerik ez zen entzuten museo hutsean.
2002an ikusi nuen lehen aldiz Guitar drag, Artelekuko liburutegiko bideo sailean. Han ere ez zen ilararik. Bideo hartan, Marclayk, soinu-anplifikadore bati konektatutako gitarra elektrikoa lotu zion autoaren atzealdeko paratxokeari. Autoa martxan jarri eta arrastaka eraman zuen. Irudiak zentimetroro gastatuz doan gitarra erakusten du. Altabozek berriz segundoro gastatuz doan musika. Biak arrastaka. Balio du Bilboko Guggenheimek espero duen ezohiko erromesaldi ikusgarriaren metafora gisara. Jendea arrastaka, ilaran, bere momentuan gastatuak izan ziren segundoen oihartzunak erakusten dituen artelan erraldoia ikustera. Dohain. Ezer ulertu beharrik gabe.
Denbora ere artearen antzera bizi dugu: gehiago dakigu hari buruz zer dioten, hari buruz baino.
Xabier Erkizia
Mapping Stereotypes
Wednesday, April 2nd, 2014ADARRA
Wednesday, April 2nd, 2014Angel Erro, BERRIAn, Adarrari adarra jotzen.
Donostia Kulturak Adarra Saria sortu du Euskal Musikaren alorrean diharduen edo jardun duen artista baten ibilbidea eta lana aitortzeko. Egunkari honetako edizio digitalean leitu dut Mikel Laboak irabazi duela lehen Adarra Saria. Hildakoei ez zaie saririk ematen, aitorpena baizik: plaza, oroitarri, liburutegi, geltoki, sariei ematen ahal zaie omendu nahi dugun pertsona hilaren izena. Mikel Laboa Saria edo, hartuta balego,Mikel Laboa euskal musikaren Saria izendapena eta ohorea hobetsiko nuen, inondik ere, donostiarraren ekarpena, oraindik gogoan ongi atxikia duguna, aitortzeko. Batetik, zer da sari bat, saridunak ezin badio uko egin?, eta, bestetik, bizidunok nahikoa lan daukagu, bizirik gareino, arduratuta zer sari eman ez diguten, lehian bizigabeak ere endredatzeko, saririk ez eskuratzeko aukerak ankerki biderkatuz eta sarien zerizan bidegabea zeruraino igoaraziz. Zeren, zergatik ezin zitzaion Iparragirreri ere eman? Edo Carnegie Hallen estreinatutako Euskal Sonata-ren egilea den Aita Madinari? Edo Maisu Turrillasi? Edo Maurice Raveli? Edo Cesareo Gabaraini? Edo Pablo Sarasateri? Ez dago munduan saritu nahiko ez lituzkeen epaimahairik.
Barka, adarra jotzen baino ez nintzen ari. Zorionak Mikeli.