[berria 2009/1/30]
A cappella . Balak Kantu zirenekoa
Kantaren edo abestiaren definizioaren bila berriki Argia aldizkariak proposatutako ariketa interesgarrian izenburu batek indartsu bereganatzen du arreta. Josu Zabala musikariaren hitzak dira: «Bala bat izan behar du kantak, gizarteari ondo kontzentraturik bidaltzen zaion ideia bat, ideia edo sentimendu garbia eta zehatza. Hori lortzen duenak, perla bat sortu du». Bertzelako gaizkiulerturik sortu behar ez luken metafora den arren, ez da zaila halakoak entzuterakoan musikaren eta teknika militarren arteko erlazioak josten hastea.
Historia hurbilari begirada bat ematea aski da kantuen bala izaera horrek musikarien literaturatik at bere bidea egin duela ikusteko. Azken finean, eta hotz dirudien arren, musika kontrol kontua da. Kontrol kantua. Atentzioaren, entzumenaren baita arimaren kontrola ere eragin daiteke musikaren bidez. 80ko hamarkadan Panaman Noriega komandantea Vaticanoko enbaxadatik ateratzeko egindako saiakerak, 90eko Waco-ko sektaren kasu lazgarriak, Israelgo armadak Palestinan erabiltzen dituen soinuzko armek, edo egunerokoari begira supermerkatu edo bankuetako hari-musikalen eraginek argi erakusten duten bezala, kantuek eta oro har zaratek, soinuek, pertsonak edo jokabideak kontrolatzeko moduak sortzen dituzte. Hortaz soinua arma izan badaiteke, arrazoi du Zabalak kantua bala dela erraterakoan. Noriegaren kasuan I Fought the Law (legearen aurka borrokatu nuen baina legeak irabazi zuen diote hitzek) bezalako balekin bete zuen Iparramerikako armadak bere kargatzailea, Waco-n Alice Cooper edo Nancy Sinatraren kantuekin eta supermerkatuetan bilatzen diren entzuleria potentzialen arabera playlist pozoitsuak ere topa daitezke. Erabilerak erabilera, adibide guziotan, ezin dugu ahantzi kantu hauetako aunitz halako helburu ilunak izan baino lehen, arrakastatsu izan zirela orduko gizarteetan eta badirela ere oraindik zenbait kasutan.
«Esklaboak sortu nahi diren lekuetan ahalik eta musika gehien behar da» erran zuen aspaldi Tolstoi-k eta ez alferrik. Musikak animaliak lasaitzeko balio duela erakutsi zigun Orfeoren mitoa, edo entzutera kondenatuak gaudela oroitarazten digun Ulisesen eta sirenen mitoa ez dira zaharkitu, inoiz baino biziago daude gaur. Sekula baino musika gehiago aditzen dugu edonon, edonoiz eta edonola, hortaz musikari, entzule edo kontsumitzaile izanik ere, bala aunitzen jopuntu gara. Ikuspegi ezezkorrena mahai gainean jarrita ere inork ezin du uka musikak ondoriorik duenik guregan, onak bezain txarrak beharbada, baina hortik balekin jolasten hastera tarte zabala dago. Beharbada bala, armada, komando eta oro har hiztegi militar gehiegi dugu musikaren munduan gure memoriako kantutegiaren errekargadorea balekin betetzeko. Nahiko bala galdu dago bertzela ere.
Xabier Erkizia
irudiak:
1. kantu-bala batek extasian ipod bat zulatu zuenekoa
2. matrix top 40. Neo radioformularen kontra.