LE LARRASKITO “AMAIERA” Kronika
Friday, May 22nd, 2009Azkenaldi honetan blogean idazteko alfertu xamar gabiltzala eta, nire burua pixkat behartu behar izan dut aspaldiko partez kontzertu iragarpena ez den beste zerbait zintzilikatzera. Erredaktatutako lerro batzuk behintzat izango dituena edo. Merezi ere merezi dituztelako lerro batzuk, bai Le Larraskito Club espazioak, bai larunbatean han jotzen izan ziren musikariek ere.
Ia urtebeteko jardunaren ondotik, bere ateak itxi ditu (noiz arte oso argi ez dagoela) Bilboko kontzertu areto txiki honek, eta agurreko kontzerturako kartel erakargarria osatu zuten: Xabier Erkizia, Oier Etxeberria, Daniel Llaría, Noi eta hasieratik antolakuntza lanetan ibili den Miguel A. García bera. Azken hilabeteetako kontzertuekin alderatuz jende gutxi gerturatu zen beharbada, baina ohiko giro atseginean izan ginen han bildutakoak, artisten proposamen ezberdinak Finkbrau (garagardo?) batekin eztarritik behera laguntzen (gure urdailak ohitzen hasiak ziren honezkero). Eta oso ondo zergatik ez nekiela (Miguel eta Xabierren emanaldi ixilek zerikusia izango zuten seguruaski), aretoaren irekiera izan zen “Ixil fest” hartaz gogoratu nintzen momentu askotan (ai, ai…nostalgiko jartzen ari naizela).
Miguel A. Garcíak eman zion hasiera, leihoak parez pare irekita, kaleko soinuak bere musikarentzat oztopo ez direla adierazi nahian edo. Lainotutako Bilbo aurrean genuela entzun genuen bere kontzertua, Miguelek nahiago izan bait zuen publikoaren atzealdean jarrita jo. Eta hiriarentzako sinfonia bat bailitzen jaso genuen bere emanaldia; grisa hasieran, gero eta beltzago gero, laranja azkenerako, kaleetako argiak piztu zirenean. Ederra izan zen oso, baina momenturen batean bolumen igoeraren bat bota nuen faltan. Hain ixila zen dena, hain sotila dena… Kanpoko zarata Miguelek bidaltzen ziguna baino ozenagoa zen batzuetan, eta gehienetan bi gauzak ongi uztartu bazitezkeen ere, reggaeton musikarekin pasatzen den autoa edo zenbait anbulantzia sirena kontzertuaren barruan ulertzeko modurik ez dago. Ezinegon bat sortzen zidan, inpotentzia moduko bat edo, eta “eman, joder!” pentsatzen nuen.
Xabier Erkiziaren txanda izan zen gero. Kontzertuaren lehen zatian mahai azpian erdi gordeta zeukan Hegoamerikako “zumbador” izeneko instrumentuarekin jolastuaz, animaliaren batenak ematen zuten soinuak sortu zituen, gure irudimena baso basati batera eramanaz. Bigarren zatian txirula joku ixil ederrak entzun genituen, baina Miguelekin gertatu moduan, ongi entzuten uzten ez zidan oztopo bat nuen berriz. “Masa” deituriko zarata sortzen zuen gitarra anplifikagailua, atzean ahaztuta utzia.
Oier Etxeberriak Erkizia bera izan zuen lagun bere kontzertuan. Gitarraz “Avenida del cantábrico” jo eta gero, ezezagunak genituen kanta berri zenbait entzun genituen; dantzagarriak ere bai tartean, Pakito Txokolaterorekin amaitu aurretik. Plunderphoniak, umorea eta dantza pendularrak izan ziren saioaren ardatza.
Daniel Llariak bideo batzuk erakutsi zizkigun, eta nire arreta deitu zuen publikoaren aurrean bere ordenagailuarekin eta aldez eserita aurkeztu izanak. Espero baino okerrago ikusten ziren hala ere irudiak (ilun xamar aukeran), eta amaitu aurretik moztu zuen azken bideoa.
Noi madrildarrak Alio Die ekarri zidan gogora perkusio soinu batzuez lagundutako bere giro goxoekin. Hala ere, lau proposamen ikusi eta entzun ondotik, ez nengoen bosgarren kontzertu bat arretaz jasotzeko moduan, eta beste gauzatara alde egiten zidan buruak (emanaldi asko jarraian ikusten ditudanero gertatzen zait). Ez nago beraz gauza gehegi komentatzeko moduan.
Eta amaitzeko, Miguel A. García disko jartzailearen saioa entzun genuen, Elena, Aurora eta Estanisen lasaina dastatu bitartean (bikaina, mundiala!).
Ateak itxita ere, askok oraindik Larraskito deituko diogu Bilboko Larraskitu auzoari, konturatu gabe. Le Larraskitok Bilbon utzitako arrastoaren seinale.
Oier Iruretagoiena.