[hamaika] EDORTA IZARZUGAZA: Autoerregistroa
December 7th, 2007EDORTA IZARZUGAZA: Autoerregistroa (hamaika, 2007)
Zenbait bildumatan (ikus euskal interpretatzaile berriak), talde-inprobisazio grabaketetan (ikus, bertzeak bertze bilekidu edo fremdsprachen berria) edo zuzeneko emanalditan (bakarrik edo bertzeak bertze AS11, Iñigo Telletxea edo Johannes Buff bezalakoen ondoan) parte hartu ondotik, aspalditik geunden Edorta Izarzugazaren lehen “bakarkako” diska den honen zain. Baina ez du hala dirudi. Kontuz, ez gaizki ulertu, Izarzugazaren lan berri honek, nagusiki emaitzak erakusten duen heldutasunarengatik lehen diska ez duela dirudi erran nahi baitut, ez bertzerik. Orain arte, aipatutako ibilbide guzti hortan bermeokoaren aurpegi desberdin zenbait ezagutu ahal izan dugu: bata, lehorra, gogorra baina ikaragarri efektiboa, oinarrian soilik anplifikadorea erabiliz musika-tresna modura, eta bigarren pausu bat, are apainduagoa eta konplexuagoa (horrek suposatzen dituen arrisku guztiekin), gitarra eta konputagailua erabiliz. Zentzu hortan diska honek bi ibilbide horien laburpen gisako bat izan nahi du, edo bi bide horien artean kokatzen da behintzat. Bai azalean baita konposizioen izenburuetan ere haragiari eta odolari (bere ogibideari keinu eginez) egindako erreferentzia mordoa duen lan honi, gordintasun gisako bat gordetzen badu ere, ederki igartzen zaio lasai, denborarekin eta su baxuan sukaldatutako jakia dela. Eta beharbada horregatik ez da harritzekoa Enrike hurtadorekin sortutako “Gordinik” inprobisazioa izatea diska irekitzen duen lehen pieza. Sukaldetako bazkari hoberenen moduan, sarrera (hotza) gisako lana egiten du pieza honek, gerora etorriko dena aurreratzen hasiz, baina presarik gabe, lasai. Hau da, logikoki, neurri haundi batean gutxien “konposatuta” dagoen pieza, eta beste bien aldean desberdinena. Eta horrek garrantzirik kentzen ez dion arren, diska bere osotasunean ulertzeko trabak jar ditzazke. Izan ere, lehen pieza honen ondoan, hurrengo biak “Onarpena” eta “Bide Gurutzea” izenekoak, Izarzugazaren lana modu osoagoan islatzen dute. Nahasketa eta soinu diseinu elegante batekin apaindurik, aipatzen genuen gordintasun gisako hori beti presente uzten duten bi piezaok goia jotzen dute ez soilik diskan baizik bermeokoaren orain arte grabaketetan. Nabari zaio ez dela erraz konformatzen den musikaria, nabari zaio gauzak ongi lantzea gustoko duela eta gure zorionez nabari zaio oraindik baduela errateko aunitz. Horrela erratea topikoa bada ere, hurrengoaren zain gelditzen gara.
X.Erkizia
December 9th, 2007 at 3:34 am
Eskerrikasko zure hitzengatik
Tira ba, onartzen dut erronka.
Ez dut etziko.
milesker.