AMEN, MACARENA, AMEN
April 23rd, 2011Berria egunkariak 2011ko apirilaren 7an A CAPELLA atalean argitaratu bezala:
Nate Harrison artista iparramerikarrak Can I Get an Amen? izeneko soinu instalazio bat aurkeztu zuen 2004an: loop baten historia kontatzen zuen ahots bat grabatuta zeukan biniloko disko soil batek. Loop horrek, ziur aski, azken 40 urteotan entzun dugun break bateria ezagunena gordetzen du, jatorriz The Winstons izeneko talde batek 60ko hamarkadan single bateko B alderako grabatutako kantu batetik ateratakoa.
Harrisonek copyrightaren lege eta araudien inkoherentzia eta absurdoak azaleratzeko helburuarekin ikerketa lan ederra osatu zuen bateria bizi honen grabaketaren segundo horien inguruan. Lehen aldiz argitaratu zenetik zenbat aldiz sanpleatu, berreditatu, berrargitaratu eta, garrantzitsuagoa dena, zenbat aldiz ber-copyrightatu izan den ikertu zuen. Break horrek imajinatu ezin diren hainbertze jabe original baititu. Lehendabizi disko musikak erabili zuen, geroxeago sanplerraren asmakizunarekin hip-hopak egin zuen bere, baita dub musikak ere, ondotik drum&bass-ak, jungle musikak eta horrela musika dantzagarriaren ia azpigenero guztietara iritsi arte. Hemen ere hamaika aldiz entzun izan dugun break-a da Amen break izenez ezagun dena, bertzeak bertze Negu Gorriak taldeak berrerabili zuelako. Baina ez al da horixe sanpleoaren praktikak oparitu digun gauza ederrenetako bat? Lege eta araudien gainetik, sortzeko beharrak edo minak bultzaturik, beldurrik gabe, erabakiak hartzeko gaitasuna? Hori kontrolatzea edo kontrolatu nahi izatea, legeek eta legea hain zurrun defendatzen duten botereguneek egunero errepikatzen diguten bezala ulertzea zentzugabea da.
Los del Rio talde espainiarrari antzeko zer edo zer gertatu zitzaiola ondorioztatu du berriki Pedro G. Romero artista eta ikerlariak. Denok gogoratuko dugu Macarena ezaguna. Artean presidente zela Bill Clintonek dantzatu zuen berbera, edo SGAEren hitzetan 110 miloi aldiz saldu den abestia, edo datu ofizialen arabera 4.700 bertsio dituen kantua.
Romerok egindako ikerketak aditzera ematen duenaren arabera, Macarena Ipar Amerikako marineen ereserkiaren moldaketa baino ez da, haur kantu bihurtua, eta geroago hit. Originaltasunaren eredu ezbairik gabe.
Harrisonek bere garaian bezala, oraingo Sevillako Zemos98 jaialdiak jarri du piperra: gonbidatutako musikari guztiei Macarena-ren bertsioa prestatzeko eskatu die, tartean Mursego, Manos de Topo eta Pony Bravo taldeei. Norbait ausartuko al da originaltasunaren izenean ezer kobratzen?
Xabier Erkizia
OHARRA:
Euskadi irratian gai honi buruzko kolaborazio luzeagoa emititu zen, gerora kritika eta komentario kate bat sortu zuena, orden honetan:
1) Macarena Euskadi Irratian: http://www.eitb.com/multimedia/audios/2011/04/12/455870/XERKIZIA_2011-04-05_20110412_175303.mp3
2) Ay, Fukushima Macarena! Alvaro Reizabalek GARA egunkarian: http://www.gara.net/paperezkoa/20110408/258727/es/%C2%A1Ay/Fukushima/Macarena!/
3) Xabier Lasak BERRIA egunkarian: http://paperekoa.berria.info/agenda/2011-04-10/036/002/lege_info.htm
4) Erantzuna Euskadi Irratian: http://www.eitb.com/multimedia/audios/2011/04/13/456344/XERKIZIA-11-04-12_20110413_113504.mp3