OVERSHARING (2)

Monday, April 22nd, 2013

over_sharing2

2013ko apirilaren 18an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Prosumerrak omen gara. Lehen ez dakit zer izango ginen zehazki, baina orain prosumerrak. Ekoizle eta kontsumitzaile aldiberean. Lehen kontsumitzaile edo ekoizle izan aukeratu behar izaten omen genuen. Nik ez dut halakorik gogoan. Beti egin dut bat, gutxiasko, Alvin Tofflerek asmatutako definizioarekin. Eta sinetsi nahi dut denok egin dugula antzeko, guztiz jakitun izan edo ez. Guztiok ekoizten dugu kontsumitzen dugun horren arabera. Kontua da nola.

Musika digital bihurtu zen garaietan, sareak salbatuko zuela kontatu ziguten. MP3 bezalako euskarri digitalek trukerako abantailak ekarri zizkiguten eta streaming teknologiak, berriz, distantziak deusezteko modua, ordura arte ezinezko elkarlanetarako bidea. 2005ean Placard Headphone Festival ospatzen hasi ziren Kanadan, eta ziztu bizian zabaldu zen munduko hainbat hiritara. Ideiak xinplea eta iraultzailea zirudien. Streaming teknologien bidez leku jakin batzuetan festibalak antolatu zituzten, musikaririk eta bozgorailurik gabeko jaialdiak. Munduko edozein lekutan zuzenean jo eta internet bidez kontzertuak transmititzen zituztenek egingo zuten lan hori. Eta festibalaren jatorrizko tokian, berriz, entzuleek kaskoak behar zituzten: espreski hartarako jarritako zulotxoetan konektatu bertzerik ez zuten egin behar kontzertuak entzuteko. Bere arrarotasunean —musikariontzako inorentzat jotzea bezalako zerbait zen—, esperimentuak kuriosoa zirudien, deigarria.

Hurrengo urtean, urrunago joan nahi izan zuten antolatzaileek. Hiru musikari jarri gintuzten jotzen Baionako estudio batean, eta bertze bi Londonen, agertoki gainean. Bateria bat, gitarra eta elektronika Lapurdin, eta bigarren bateria eta baxua Erresuma Batuan. Denak batera, kantu berak jotzen. Oraindik ez dakit, ez dut ondorioztatu, esperimentuak ez ote zuen funtzionatu edo entzulerik ez ote zegoen inon, baina gure truke-elkarlan hark ez zuen inolako feedback-ik izan. Guk geuk ekoitzi eta guk geuk kontsumitu genuen. Teknologiak kontsumitu zuen gainerakoa.

 

Xabier Erkizia

OVERSHARING

Tuesday, April 9th, 2013

030810065114location_over_sharing

2013ko apirilaren 4an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Informazio gehiegi partekatzearen akzioari deitzen diote Oversharing. Bereziki, gehiegizko informazioa jasotzeko prestatuak edo gaituak ez dauden pertsonekin partekatzeari deitzen zaio horrela. Sare sozialen sukarren albokalte bat gehiago. Inor gutti ausartuko da erraten partekatzea, elkar lan egitea, ona ez denik. Sozialki nahiz kulturalki gauza onuragarri bezala ulertzen dugu. Gizatasunaren berezko zerbait bezala. Baina ez dugu gehiegi pentsatzen gehiegi partekatzearen arriskuei buruz. Eta baditu. Jakina badituela.

Bertze eraginen artean, gehiegi partekatzeak saturaziora eraman gaitzake, informazio gaindosira eta ondorioz, antsietate kroniko batera. Hainbertzekoa da zurekin partekatu nahi dutenek bidaltzen dizutena, zurea den ezer partekatzea ahanztera iritsi zaitezkela. Norbera automatikoki partekatua bihurtzean dago arriskua.

Elkarlanean aritzera ohituta dagoen edonork onartuko du arazorik gabe, ez direla denak goxoak izaten. Ez goxoak, ezta errazak ere. Eta ia beti, etsipenetik zerbait gordetzen duela elkarlan orok. Sakrifizio ere badirela. Eta hala behar du. Horixe da elkarlanaren prezioa. Kasu hoberenean, hirugarren gauza berri bat bihurtu daitekena; eta txarrenean, baldintza deserosoa eta peaje garestia bihurtzen dena.

Elkarlanaren, edo honen errepresentazio espektakularizatu-jendetsuaren aitzakian, errazkeri aunitz ikusten eta entzuten dira. Elkarlan izateak edozer justifikatuko balu bezala. Elkarrekin izatea, egin beharreko hura egitea baina garrantzitsuagoa balitz bezala. L’Enfance Rouge rock taldearen emaila iritsi da. Proposamena dakar: Kaixo lagun. Hemen dituzu gure disko berriko pista guztiak, bat banaka. Zuretzako. Haiekin, berriki grabatu eta argitaratu ez den GURE diskoa egitera gonbidatzen zaitugu. Eta GURE emaitza gustuko badugu, lana ordainduko dizugu.

Elkarlan jendetsuaren joera huts horretatik ere ihes egin ezin duen musikaren munduan, heldutasun keinua iruditu zait. Saturaziorik eta ikuskizunik gabekoa. Elkartruke gardena.

Xabier Erkizia

ERRETXINA

Wednesday, April 3rd, 2013

mg85531280x768

2013ko martxoaren 21ean BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Urtetan ez dut ulertu ni baino zaharragoei zergatik ez zitzaien gustatzen musikari gazteagoon musika, gure musika. Zahartzen joan naizen heinean ulertu dut dena». Aspaldi xamar irakurri nizkion hitzok musikari bati. Orduan ez nituen guztiz ulertu baina orain ederki sufritzen ditut. Berez, ez dute ulertzeko zaila den ezer. Ez dira hitz ulergaitzak. Itxura batean hain sinplea dirudien esaldiaren atzean gordetzen den egia tristea da momentu hartan bere osotasunean ulertu ez nuena.
Zorionez edo zoritxarrez, denborak nigan ere arrastoak eta zauriak utzi ditu. Uzten dizkit, egunero. Denoi bezala. Zahartzen goazen neurrian oroitzapenak erretxina bezala lotzen zaizkigu barrengo pareta, sabai eta zoruetan. Erremediorik gabe. Eta konturatzerako, hankak zanpatu ditugun zoletan atxikita geratzeko arriskua areagotu egiten da.
Aste honetan, 80ko zera (ez naiz saiatu ere egingo garai, aro, belaunaldi, mugimendu bezalako hitzen artean egokiena topatzen) mitiko hura bizi izan zuen musikaria entzun dut gaur egungo musika gutxiesten. Eskertzekoa da jarrera kritikoa, ez, ordea, erretxina. Ez paretetakoa, bertzea baizik: munduak jada erremediorik ez balu bezala, inolako autokritikarik egin gabe eta nostalgia ukatu batetik hitz egitea. Aste berean, 90eko euskal artearen protagonista nagusi izandako bati antzeko zer edo zer entzun diot. Ez hain erretxinduta, baina bai nostalgia ezkorretik solasean.
Krisiaren albo kalte psikologikoen ondorio izan daitekeela pentsatu dut lehenbizi. Bertzerik gabe, egia izan daitekeela, gero. Baina benetan kezka eragiten didana jarrera horien ondorioa da. Izandako garaiak beti dira originalak, autentikoak, benetakoak. Garaian garaikoak, aldiz, sekula ez. Denborarekin, direnak izandako haien itzal baino ez ditugu bihurtzen. Eta etorriko direnak…. tira, hobe bakean uztea.
Bizilegea dirudi. Zizeron zaharrak erran bezala, historia errepikatzera kondenatuta gaude. Gure erretxinetan atxikitzera. Eta zaharrei aurpegiratzen diegun bezala, erretxinduta bizitzera.

Xabier Erkizia

KLUBAK

Thursday, March 28th, 2013

Let_The_Children_Techno_by_ZackRaeXavier

2013ko otsailaren 21an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Orain dela zenbait zutabe, Antton Iturbek, Victor Lenore kazetariaren hitzak erabiliz, musika elektronikoari buruzko hausnarketa interesgarria egin zuen hemen. Madrid Arenakoak edo berriki bertze zenbait diskotekatan izandako gertakizun lazgarriek, musika elektronikoarekin dugun harremana eta ulermena nola baldintzatzen duten gai hartuta, musika hauen duintasunaren aldeko aldarria egin zuen berak. Arrazoirik ez zuen falta. Nekeza egiten zaio musika elektronikoari leporatu dioten estigma gainetik kentzea: hedonismoan, drogen kontsumoan eta katarsiaren beharrean oinarritutako musika burugabetzat jotzen dute. Komunikabide generalistek musika elektroniko guztiak zaku berean sartzeko duten joerak ere ez du gehiegi laguntzen. Eta musika hauek, estigmatizatuta dauden zenbait giza-talde sozialekin erlazionatzeko ohitura txarrak ere ez. Baina afera dirudiena baino konplexuagoa da. Kontraerrankorra eta moral bikoitzekoa. Umeentzako telebista programazioa entzutea nahikoa da hortaz konturatzeko.
Nork azalduko du umeentzako telebista kateetan aurkezleek abesten dituzten kantuak zergatik diren ia beti tekno estilokoak? Nork,zergatik egiten diren umeentzako kantuak erritmo azkar eta 4x4ko bonbo geldiezinen gainean? Nork, nork erabakitzen duen umeei tekno matxakoia gustatu behar zaiela?
Musika horiek ekoitzi, abestu eta aireratzeko ardura dutenak, printzipioz, pertsona helduak dira, ez umeak. Telebista kateak aukeratu eta musika horiek gure semealabei entzun arazten dizkiegunak ere bai, gehienetan. Adinez behintzat bai. Egunero denok umetzen gaituen Cocoon kultur sistema honetan, umeak helduago egitea ote da helburua? Edo aldiz, betirako ume izatera kondenatzeko saiakera?
Edozein modura, halako praktikek, kontsumo ohitura jakinak ezartzen dituzte. Beraz, ez dadila inor harritu telebistek, gure umeak euren klubetarako nahi dituztela errepikatzen digutenean, teknoaren erritmoan. Ez-eta klub bakarrean bulkaka sartu eta zorigaiztoko tragediak gertatzen direnean ere.

Xabier Erkizia

KONTRAERRAN DIGITALAK

Tuesday, March 12th, 2013

downloadingcomic

2013ko otsailaren 7an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Zurikeriak errateko gaitasunak ez du mugarik. Ahoa betetzen dugu hainbertze hitz ustez politikoki zuzen, demokratiko eta ponpoxoekin, erraten dugun hori egitea ahanzteraino. Gureak entzuten dituztenak ergelak balira bezala. Entzule izatearen guttieneko izendapen komuna hitzez hitz hartuz, entzulea (entzun baino zeregin hoberik ez duen “gauza” hori) pentsatzen ez duen haragizko zaku bihurtzen dugu.
Eta hasiera batean dikotomia hau moldatzeko saldu ziguten sareak ez du ideia itsusi, pobre eta iraingarri hori aldatu. Izatekotan, areagotu. Bi adibide topatu ditut berriki. Lehendabizikoa irratia entzuten saiatzen gertatu zait. Komunikabideek, etorkizuna sarean dagoela errepikatzen digute etengabe. Eta hortarako, irratia entzutera baino, whatsapp, facebook, eta twitterrak konpultsiboki erabiltzera bultzatzen gaituzte. Baina ezta horrela ere. Ez dago irratia sare bidez entzun nahi eta ezin izatea baino gauza frustranteagorik. Zeharo haserretuta, kapaz gara, adsla zerbitzatzen digun konpainiara deika hasteko ere, azkenean benetan funtzionatzen ez duena komunikabidea bera dela konturatzeko. Baina sarearena omen da arazoa. Inoiz ez komunikabidearena.
Bigarren kasua liburu eta musika denda batean topatu dut. Tira, disko-denda deitzea ere jada lotsagarri xamarra ez ote den pentsatzen hasita nago. Gero eta zokoratuago daude diskoen apalak, gero eta toki ttikiagoa dute, kultur produktuak supermerkatuan Peruko piperrak bezala eskeintzen dizkiguten dendetan. Oraingoan ere sareak omen du errua. Entzuleek, diskoei kasurik egin gabe, zuzenean deskargatzen omen dute musika, eta horren ondorio omen da zokoratzea, inoiz ez dendarena. Logikak aldiz kontrakoa erraten dit: dendetan diskorik ez badago, nekez gozatuko baitu musikazaleak bere erosketa, eta errazago joko du sarera. Bukle horri bueltak ematen dizkiodan bitartean, dendako altabozei musika darie. Soinu kalitate kaxkarrekoa, konpresio maila nabarmenarekin, MP3an. Alegia, internetetik jautsitako musika.

Xabier Erkizia

IRABAZI

Friday, March 8th, 2013

c480x270_15

2013ko martxoaren 7an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Sekula ez ditut lehiak gustuko izan. Ez dut ukatuko irabaztearen erotikak harrapatu ez nauenik noiz edo noiz. Baina gero eta errazago asaldatzen naiz onenaren egia nahitaez onartaraztera behartua sentituz gero. Ezin dut irentsi bizitzako edozein alor lehia bihurtzea ona dela ulertarazi nahi digun konbentzio sozial hori.
Lehiaketaren logika supremazista ia denean topa dezakegu. Gustu guztietarako lehiaketak antolatzen ditugu horretarako: Eltzaurrak ipurdiarekin xehatzetik, gitarrarik gabe airean soloak jotzerainokoak. Telebistak txapelketaren muga ergelkeriaren gailurreraino eraman duela ahantzi gabe: ergelenak nor diren edo ergelkeriak hobekien nork egiten dituen erabakitzeko lehiaketak gero eta ugariagoak dira. Eta horrek nonbait eragin psikologiko onen bat izan behar du gugan, ze bertzela ez dago ulertzerik zein den bizitzaren txapelketarizazio honen guztiaren arrazoia. Ez bada behintzat irabazlearen behin- behineko erotika horren apologia hutsala.
Izan liteke munduko pentsalaririk onena, edo metal musikaren estilo jakin bateko bosgarren baxu jotzaile nazional onena, edo arrautza frijituak bata bertzearen ondotik jaten Europako txapeldunorde, baita dopinez goraino gezurretan tour gehien irabazi duen txirrindularia ere. Kontua irabaztea da. Ez dakigu zehazki zertan, ez eta zertarako ere, baina bai irabazi egin behar dela.
Eta ez gaitezen engainatu. Garrantzitsuena parte hartzea dela errepikatzen digutenek badakite lehiaketek irabazleak baino galtzaile gehiago izaten dituztela beti. Are gehiago, lehiak berak, irabazleak sortzeko eta egiteko, beharrezkoak ditu galtzaileak.
Non geratzen diren jakin nahi nuke. Bere momentuan irabazi eta desagertu zirenak. Iritsi ez zirenak, ia-txapeldunak, azkenak eta irabazi adina galdu zutenak. Gure looser-ak. Beharbada ,denok osatzen dugu galtzaile erraldoi bat. Looser masa bat. Eta horretarako gaude hemen. Gu gabe ez baita sekula irabazlerik izango.
(Neure burua desierto deklaratu nahi nuke.)

Xabier Erkizia

BOLUMENA

Friday, January 25th, 2013

2013ko urtarrilaren 24an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Zientzia dibulgazioko artikulu batean irakurri berri dut mozkorrak gaudenean begien aurrean duguna bikoiztua ikustea ez dela berez, guk uste bezala, akatsa. Are gehiago, hori omen da bi begiz ikusteko dugun jatorrizko modua, burmuinak engainatzen duena, bi begiekin irudi bakarra ikusten dugula sinets dezagun. Eta alkoholak, drogek eta bertzelako muturreko estimuluek trikimailua indargabetzeko gaitasuna dute. Mozkortuta gaudenean mundua trikimailurik gabe ikusten dugula, alegia.

Soinuaren bolumenak ere antzeko efektuak sor ditzake. Ozena, benetan ozena den kontzertu batean izan den edonork daki hori. Gorputzaren atal guztiak dardarka jartzeko adinako bolumen astindu batek zentzumen guztiak ukitzen eta nahasten ditu, batzuk nahi gabe, bertzeak nahita, batzuk goxo (ukimena, adibidez), bertzeak, aldiz, zorrotz eta mingarri (agerian da, entzumena). Mozkorraldiarekin konparazioa eginez gero, anitzetan, ertzeko esperientzia horrek funtzio ernatzaile bat oparitzen digula erratea zilegi litzateke. Zorabioarekin batera belarri ondoko hotz definitu eta zehatza emango baligute bezala. Errealitatea bertze modu batera ulertzera bultzatzeko modukoa. Ezin jakin hoberako edo txarrerako, iraultza klasikoen ereduak erakutsi digun bezala ideien mozkorraldiek edo horien gehiegizko bolumenek jende anitz heriotzeraino bulkaka eramateko gaitasun harrigarria baitute.

Baina eman dezagun baietz. Eman dezagun muturreko bolumeneko kontzertu bat entzuteak zeozer irekitzen duela gure barruko zokoren batean. Dezibelen mozkorraldiak, esperientzia soilik estetikotik haratago (halakorik egitea posible bada), gugan efektu eraginkorra sortzen duela. Horretarako entzumena galtzeko arriskuan jarri behar bada ere. Eman dezagun dezibelen eta eragindako askatasunaren artean bizia joan dakigukela. Orduan, ez al litzateke zer edo zer gertatu behar kontzertuen ondotik? Erre al ziren Donostia edo Bilbo, Goodspeed You Black Emperor, Merzbow edo Swansen kontzertuen ondotik? Edo soilik entzuleen tinpanoak?

Xabier Erkizia

ABIADURA HILEAN

Friday, January 11th, 2013

2013ko urtarrilaren 10ean BERRIA egunkariko “Bi ahotsetara” iritzi zutabean agertu bezala:

Myspacea itxi eta facebookeko profila ireki, soundcloudeko debaldeko kontua bete, twitterren eguneko konturen bat bota eta 25 irakurri, bandcampeko bisita kopuruak zaindu… Orain urte gutti, musikariak musika egiteko ardura zuen nagusiki. Orain musika egiteko ez ezik, bertze mila kontu desberdin egiteko moldatu behar du. Hala exijitzen du gaur egungo estandar inposatuak. Abiadura kontua da. Erran dezagun, naturaz edo izaeraz, musika egiteak, sortzeak, denbora neurri klasiko baten beharra duela: denbora bikoitzarena. Egin ahala, behin eta berriz entzutera behartzen gaituena, eta, ondorioz, behin eta berriz egitera. Baina gure garaiotan (turbokapitalismo bezalako hitz zatarrak idazteko tentazioari eutsi ezinean…) inposatzen zaigun eta, dena erran behar bada, itxura batean arazo handirik gabe onartzen dugun abiaduraren kulturak ez du denborarik uzten horretarako. Gure bizitzako fase ia guztiak azkartzeko eta automatizatzeko asmatu eta erabiltzen ditugu teknologiak. Lagungarri zaizkigu lan anitzetan, eta ezer ez diegula zor sinetsita bizi gara. Guk sortu genituelako. Eta ez da hala. Gero eta ageriagoak diren dependentzia sakonak sortzeaz gain, denboraren abiadura markatzen digute. Gure tempoa, erritmoa erabakitzen dute. Noiz garen eta noiz ez garen kontatzen digute beat eta bit bakoitzean, entzun ere egiten ez dugun erritmo kolpe bakoitzean. Hain doaz azkar, zer nahi dugun pentsatzera ere ez garela iristen.

Zenbait pentsalarik hor topatu du gure krisi globalizatuaren jatorria, eta litekeena da arrazoia izatea. Abiadura ulertzeko eta kontrolpean jartzeko pentsamolde berriak martxan jartzeko behar urgentea aipatzen du Paul Viriliok. Sortu eta bulkatzen dugun abiadura horren albo kalteak edo albo mesedeak ulertzen lagunduko digun pentsamendua. Musikaren denboren bikoiztasun berezia gogorarazi dit. Gal dezakegun hori. Entzun gabe musika egitea bezala litzateke. Abiadura bizian. Denborarik eta espaziorik gabeko musika. Ez-musika.

Xabier Erkizia