ZAINDU

Saturday, December 29th, 2012

1356343655_584848_1356343811_noticia_normal

2012ko abenduaren 27an BERRIA egunkariko “Bi ahotsetara” iritzi zutabean agertu bezala:

Kantuak sinboloak dira, sinbologia darie azaletik, arnasetik eta hitzetatik. Gure bizipenei, oroitzapenei eta iruditeriei izerdia ateratzen diete kantuek, edo zehatzago errateko, gure bizipenen, oroitzapenen eta iruditeariaren izerdia dira. Kantuak dira gure moralaren eta ideologiaren izerdia. Barrenak beroegi daudenean tenperatura orekatzeko balio dute eta hotzegi daudenean aldiz, berotzeko. Gure sentimenduen termostato dira kantuak. Horregatik kateatzen gaituzte hain erraz eta horregatik bihurtzen ditugu sinbolo.
Legebiltzarreko parlamentariek elkarrekin euskaraz abestea ere keinu sinbolikoa da, kantatzen duten kantuaren berezko sinbologia gehiago edo guttiago ulertuta ere. Jatorrizko kantuaren izerdi mikatza usaintzen dutenentzat soilik bihurtzen da sakrilegio ulertu gabe kantatzeko ariketa. Baina probokazioaren aurrean, izerdia perfume bihurtzeko arriskua areagotu egiten da, eta nahikoa erraz bihurtzen dugu ukitzen gaituen kantua ereserki. Jakina, gure ikono eta sinboloekin zer egin ikastea ez da lan erraza. Batzuetan, pentsatze hutsak beldurra ematen du, haien atzean zer gorde daitekeen eta gutaz zer kontatzen duten jakiteak beldurtuko bagintu bezala. Aise errazagoa da sinboloak bere hortan onartzea, kantuak ereserki bihurtzea, alegia. Edozein modutara, ez dut uste halako errezeloarekin gordetzen ditugun altxorrak zaintzeko modurik onena inori ukitzen ez uztea denik. Kultura, ez dezagun ahantzi, eskukatzetik bizi da, erabiliz, usatuz egiten da. Eskukatze batzuk, gauza berriak sortzeko balio dezakete eta bertzetan aurreikusteko moduko ideien jarraipen gezak baino ez dizkigute kontatzen. Errespetuak markatzen du aldea. Norberak jasotzen dituen sinbolo horiek berrerabiltzeko orduan gordetzen duen errespetuan, baita norberaren buruarekiko errespetuan ere. Horixe da, hain zuzen, kezkatu behar gaituena. Ez gaitu eskukatzeak beldurtu behar. Moduak dira agerian utzi behar ditugunak, gure izerdiak konplexurik gabe erakusteko. Alegia, maite dugun hori zaintzeko.

Xabier Erkizia

DISKO HUTSAK

Tuesday, December 18th, 2012

vinyl-empty

2012ko abenduaren 13an BERRIA egunkariko “Bi ahotsetara” iritzi zutabean agertu bezala:

Ipuinak, nobelak, idatziak orokorrean paperean ezagutu ditugu ehunka urtez. Eta liburu digitalaren inguruko amaigabeko eztabaidek erakusten dute nekez utziko diola literaturak papera erabiltzeari. Oihalek ere margoen pisua eramaten dute oraindik bizkar gainean, eta artelan klasikoaren nahiz margolanaren kontzeptua bera aldatzen doan arren, ia ezinezkoa egiten zaigu oihalik gabeko koadroa nolakoa izan daitekeen imajinatzea ere. Mugitzen diren irudiekin ere, oinarrian hastapenetako baliabideak erabiltzen dira oraindik adierazpide nobleena den zinema erakusteko.

Soinuak bildu eta artxibatzearen praktikaren historia, aldiz, teknologiaren historia da, nahitaez. Soinuak gordetzeko tresnak eta euskarriak sortu zirenetik, aspaldian hainbertze entzun dugun iraungarritasun programatuaren efektua beharbada bertze edozein dokumentu gordetzeko teknologiaren aldean, nabarmena izan da. Are gehiago, soinuak bereziki sufritu ditu teknologiaren joan-etorrien kapritxoak. Gaur da eguna oraindik argizarizko zilindroak eta hauetan grabatutako soinuak nola gorde ere apenas dakiguna, eta pentsa bitartean zenbat euskarri bota izan dugun zaborretara, erabili eta gero: arbelezko diskoak, binilozkoak, zinta magnetikoak —tamaina eta luzera ezberdinetakoak—, aipamen berezia merezi duten kaseteak, DATak, S-VHSak, laserdisc-ak, konpaktuak, minidisc-ak, dvd-audio-ak, superaudiocd-ak eta aro digitalean sartu garenetik beste hainbertze formatu: wav, aiff, mp2, mp3, flac, ogg… denak, arrazoi batengatik edo bertzearengatik, akastunak. Luzea da zerrenda, eta amaigabea euskarri guzti hauen artean artxibatzaileek bateragarritasuna lortzeko egin beharreko saiakerak.

Baina irakurketa interesgarri bat egin dezakegu soinuaren eta teknologiaren historia paralelo honetatik. Azken finean, ez dira musika-lanak, alegia, soinuak eta hauen ezaugarriak, zein teknologia erabili erabaki edo baldintzatu dutenak, aldrebes baizik. Soinu grabatuen historia, paradoxikoa badirudi ere, disko hutsen historia da.

Xabier Erkizia

HOR, AZPIAN

Tuesday, December 11th, 2012

calefaccion

2012ko azaroaren 29an BERRIA egunkariko “Bi ahotsetara” iritzi zutabean agertu bezala:

Aitak baino belarri finagoa izaki, hiru urteko alabak eman dit lezioa. Lo hartu aitzin, egungo liburudendetan aurki litezkeen ipuin soinudun horietako bat elkarrekin entzun ondotik, «atta! ixo!» erran eta, eskutxoa ezkerreko belarrian jarrita, adi egoteko eskatu dit. Ilunabarreko isiltasunean bere gelako berogailua entzuten da nagusiki, berotzeko sistemaren marmarra, gas hodien oihartzunen musika lanbrotsua. Nire ipuin kontalari dohain zalantzazkoak praktikan jartzen hain kontzentratuta egonik, ordura arte erreparatu gabeko musika seinalatu dit behatzez. Hor dago, azpian. Egunero entzun arren, aditzen ez dugun musika horietako bat erakutsi dit. Bere momentuan John Cagek iradoki zuen bezala, gauden tokian gaudela, entzuten duguna nagusiki zarata da. Kasurik egiten ez diogunean zaratak molestatu egiten gaitu. Adi jartzen garenean, berriz, harrigarria, zoragarria iruditzen zaigu. Atentzioa da gure epaile nagusia.

Komunikazioaren zarata ikertzen duten teorikoek ahotsa objektu gisa aipatzen dute gehienetan, erratetik entzuterainoko bidean interferentziak sortzen dituen objektu zehatz gisa izendatzen dute zarata. Baina ongi pentsatzen jarrita, zentzuzkoagoa dirudi zarataren eta entzun beharreko horren arteko erlazioa zalantzan jarri eta kontrako moduan pentsatzea. Etengabe zarata artean bizi bagara, alegia, gu iritsi aurretik zegoen eta (gure gainetik) dagoen hori, etengabe entzuten dugun hori zarata bada, ez al dira gure soinutxoak, gure ahotsak eta gure musikak benetazko interferentzia bihurtzen direnak? Zeren interferentzia, ordea? Entzun behar genukeen zerbaitena? Edo behar bezala aditzen uzten ez digun zarataren interferentzia? Entzuteko eta soinu izateko gure moduak zuzentzen lagungarri izan daitekeen erreflexio honek, ordea, oraindik erantzun zailagoa duen galdera baten aurrean jartzen gaitu: nork sortzen du zarata?

Alabak ez du zalantzarik izan eta lasai hartu du lo. Nik, ordea, oraindik berogailuari adi jarraitzen dut.

Xabier Erkizia

ENTZULE TIPOLOGIAK

Tuesday, December 4th, 2012

11.18.11-12PM-William-Can-You-Hear-Me-Now-The-DriVen-Class-300x210

Euskadi Irratiko Arratsean saioan, 2012ko azaroaren 28an, Xabier Erkiziak egindako kolaborazioa.

Entzutea izango da negozioen munduan balio gutxien jaso eta garapen ahulena izan duen trebetasuna, bereziki noraezean eta hain azkar goazen garaiotan”
Aspaldi honetan enpresarientzako birtziklapen edo autolaguntza liburuak gero eta gehiagotan topa daitezke liburudenda analogiko nahiz digitaletako apaletan. Oraingoan ere, krisi ekonomikoak izango du hortan zerikusirik. Eta bereziki krisiaren aitzakian sortzen dizkiguten ezinegonetan eta depresioetan negozioa ikusten duten oportunisten azerikeriak ere. Irtenbideak norberarengan topatzeko gomendioak, auto-ezagutza, auto-eraketa… inork ezingo du ukatu lagungarriak direnik, norbere burua hobe ezagutzeak ez luke inorentzako txarra izan behar. Baina moduak nahiko zalantzagarriak izan ohi dira.”

[Entzule motak, X.Erkizia, Arratsean 2012-11-28] Read the rest of this entry »

200.000 AHOTS arratsean

Monday, November 26th, 2012

voces-paris

Euskadi Irratiko Arratsean saioan, 2012ko azaroaren 21ean, Xabier Erkiziak egindako kolaborazioa.

“50 urte ahotsak biltzen ibili ondotik, Franklin Picardek gordetzen dituen 200.000 ahots horietatik zenbat izango ote dira berezko? zenbat gezurrezko? zenbatek gordeko dute ahotsaren jabearen arima? zenbat grabaziok? eta zenbatek gordeko dute soilik ahots bat? ahots soil bat? proiekzio asmatu, fikzionatu eta diseinatu bat?”

[200.000 ahots gordetzen dituen gizona, X.Erkizia, Arratsean 2012-11-21] Read the rest of this entry »

ARBOLIK GERATZEN EZ DENEAN…

Sunday, November 18th, 2012

Thoreau_Zitat

Gaurko BERRIAko iritzi atalean nahi gabe marraztutako mapa, Henry D. Thoreauren “Ibiltzearen artea” eskutan hartuta, Xabier Gantzarainek eta Arantxa Iturbek:

Oinez ibiltzea da akaso kapitalismoak bereganatu ezin izan duen ekintza bakanetarikoa. Ibiltzea. Aita-amak imajinatzen ditut, oinez, buelta bat ematen igande arratsaldez, igandero ohi zuten gisan, azpian lurra, zerua goian, lur bati lotuta, lur bati esker ona emanez, belarren batzuk batzen, loreren batzuk agian, Lurra lurra dela sentituz. Guk ez dugu lurrik, gure zuztarrak kobrezkoak dira, gure zainak plastikozkoak, gure lurra zerua da, gure etxea sateliteak dira. (jarraitu irakurtzen)

Agurea arbolari hizketan ikusi eta ez naizelako lehendabiziko bistadizoan diagnostiko egokia egiteko gai izan. Ez da hain zaila. Entzutea ahazten ari zaigu. Ez dugu entzuten. Ez diogu elkarri entzuten. Ez diogu inori entzuten. Bakardadea gogorra da. Eta gorra. (..) Arbolak ez dira erremedio txarra. Animaliek baino lan gutxiago ematen dute eta ez dira tokiz mugitzen. Arbolari hitz egin dakioke ordutan. Gainera, ez dizute jarduna momenturik desegokienean etengo. (jarraitu irakurtzen)

SOUNDS LIKE A PRESIDENT

Friday, November 16th, 2012

t1larg.obama.speech.gi

2012ko azaroaren 15ean BERRIA egunkariko “Bi ahotsetara” iritzi zutabean agertu bezala:

Badirudi hauteskundeetan soilik arduratzen garela oratoriari buruzko teoriez. Hautagaiak mikrofonoaren aitzinean solasean entzuten hasten garenean, beti agertzen dira haien diskurtsoak, haien solasak eta haien solaskerak aztertzen dituzten analistak. Ze mezu, nori zuzenduak, ze helbururekin, ze tonotan… Botoak irabazteko orduan detaile guztiak bihurtzen dira ezinbertzeko. Baina analista gutti ausartzen da ahotsari buruz mintzatzen. Berriki egin dituzten AEBko hauteskundeen aitzakian Greg Goodale ikerlaria hautagai guztien ahotsak aztertzen aritu da, botoa noren alde eman erabakitzeko orduan ahotsaren ezaugarriek ze eragin duten ikertu nahiean. Bere hitzetan, historian atzerako ariketa eginez, ez omen da zaila ahots egokiena dutenak hauteskundeetan garaile atera direla ondorioztatzea. Honek ez du hautagiek errandakoa guttiesten, ez dio diskurtsoari garrantziarik kentzen, baina baldintzatu egiten du mezuak gure belarrietara nola iristen diren. Presidente baten soinua izatea ez dago ahots guztien eskura, edo ahots guztiek ez dute (ezin dute) presidenteak izan behar lukeen soinu hori eduki. Romneyk halakoa omen du. Obamak ere bai, jakina.
Ahotsak ez dira objektuak, ez dira betirako berdin mantentzen. Nondik erabili edo solastu molde berriak hartzen dituzte. Hemeroteketara jo eta Margaret Thatcherren ahotsaren bilakaera entzun bertzerik ez dago hortaz konturatzeko. Edo hain urrun joan gabe, Zapaterorena adi entzunda, segidan konturatu gara, presidenteen ahotsak egoera politikoen arabera aldatzen joaten direla. Tonu, sakonera, textura eta zergatik ez, musikaltasunean. Eta ondorioz guk ere, ez ditugu berdin entzuten. Ez zaizkigu berdin iristen.
Irabazleak zein diren jakinik, tranpa eginez, EAEn izandako azken hauteskunde kanpaina entzuten jarri naiz berriz, ahotsei erreparatuz. Eta lehendakari-soinuak zehazki nolakoa izan behar lukeen jakin gabe, guttienez lehendakari ahotsik ez dutenak segituan ezagutu ditut. Belarrietan min egiten dute.

Xabier Erkizia

KOLOREAK ENTZUTEN DITUEN GIZONA arratsean

Thursday, November 15th, 2012

Euskadi Irratiko Arratsean saioan, 2012ko azaroaren 14ean, Xabier Erkiziak egindako kolaborazioa.

“Kolore eta soinuen eztabaidatik haratago, bidean uzten dituen esaldiek erraten dute gehien: Berak dio: pixkat arraroa baldin bazara, normala izan nahi duzu. Baina hagitz arraroa baldin bazara, errekonozimendua bilatzen duzu”

[Koloreak entzuten dituen gizona, X.Erkizia, Arratsean 2012-11-14] Read the rest of this entry »