BELARRIETATIK GALDERAK

Thursday, July 4th, 2013

2013ko ekainaren 20an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Aditzen jartzen naizen ia aldioro gertatzen zait. Batzuetan, amorrua emateraino. Irratia entzuten hasten naiz, eta zalantzak borborka pilatzen zaizkit belarrietan: entzuten dudan hori, musika ote da? Edo publizitatea? Zergatik jakin beharko nuke entzuten ari naizen kantaria gaztea den edo ez, zeri buruz kantari ari den jakiteko modurik ez badut? Zer erran nahi ote du irrati libre izateak? Edozer, edonola errateko libre dela? Hitza ote da libre? Edo musika? Zerekiko da libre irratia? Ba ote dago irrati presorik? Eta hala baldin bada, gogoratzen al dugu zer esan nahi duen horrek? Akordatzen ote gara irrati presoek ze musika jartzen duten? Eta preso izan baino lehen libre ote ziren?


Musika aldizkaria ireki, eta ezin dut bukle horretatik irten. Musika aldizkari librerik edo presorik ba ote dago oraindik? Publizitatearen gatibu ote dira denak? Musikari buruz libre idazteko aukerarik duen kazetaririk ba al dago? Ofizioa libreki praktikatzen duen kazetaririk bada oraindik? Prentsa oharretatik at esistitzen al da musika kritikarik? Autoan edo etxean musika jarri bezain laister, entzuteko libre ote naizen galdetzen diot neure buruari. Benetan entzun nahi dudan musika entzuten ari ote naiz? Musikak libreak al dira? Edo presoak? Preso politikoak akaso? CDa edo mp3 irakurgailua al da nire musiken kartzela? Zenbateraino baldintzatzen dute nire entzuteko modua?


Kontzertu batera ihes egin, eta sarrera ordaindu ondotik oraindik libre izaten jarraitzen ote dudan galdetzen diot neure buruari. Parean dudan musikaria ere libre ote da? Zertarako, ordea? Nahi duena abesteko libre? Agertokian preso ez egoteko? Edo musikariak presondegia berekin darama agertokira igo baino lehen? Baldintzapeko askatasunean kantatzen al du?


Eta nire belarriak? Libreak al dira? Zergatik daukat orduan kontrako sentipena?
Eskerrak, horrelakoetan borborka aditzen entzuten nauen batenbat izaten dudan alboan: «Lasai, musika ez da hain garrantzitsua» errateko bertzerik ez bada ere.

Xabier Erkizia

BENE-BENETAKOA

Wednesday, June 12th, 2013

tumblr_ml9iaeG4Xi1qz778zo1_5001

2013ko ekainaren 6an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Irrati esataria entzun dut musikari elektronikoa, edo zehatzago, tresna elektronikoekin lan egiten duen musikaria epaitzen. Gaztea izan arren, konpositore eta interprete bikaina omen da musikaria, baina baita ekoizle berezia ere. Baina. Eta baina hori arrazoitzeko pista ere eman du, ordenagailuarekin musika egitea nolabaiteko tranpa izan daitekeela iradokiz, benetakotasunaren agiria aurkeztuz. Kantu berbera, musikari berbera, baina oraingoan zuzenean.

Beharbada, irratiak egin ohi (eta egin behar) duen pedagogia ariketa bat gehiago baino ez da. Aurreiritziak gainditzeko pedagogia. Edo oraindik gainditu gabeko topiko aspergarrietara kateatuta gaudela baieztatzen duen arrastoa. Edonola ere, musikaren eta benetakotasunaren susmoa bizirik dagoela oroitarazi dit. Hamarkadak joan dira tresna elektronikoak zuzenean nahiz estudioan erabiltzen hasi ginenetik, eta, hala ere, oraindik ere susmoa pizten digu musika zuzen-zuzenean (bene-benetan? benetako zuzenean?) edo agerian egiten ez duen musikariak. Artisauaren edo eskulangilearen irudia, musikaren kasuan bertutetsuarena, errezelo handiz zaintzen eta gordetzen dugu. Sakrifizioa, pasioa eta epika onartzen dizkiogu. Benetakotasuna. Musikari elektroniko gizagaixoek ordea (Jean-Michel Jarrek izan ezik), beren bertuteak erakusteko arazoak dituzte. Jakina, ez dira gauza bera gitarra edo bateria solo epikoak, eta klik, fader edo botoien koreografia lotsatiak. Izerdi kontua izango da. Izerditzen duen musikariak izerditzen ez duen bati sekula onartuko ez diogun aura du. Fokuek, gainera, beti eman dute ongi izerdiarekin eta aurarekin. Eta fokuen azpian futbola, zirku erromatarra edo makrokontzertu erraldoia ez dira hain desberdinak ere. Ez dira alferrik gertatzen denak estadiotan.

Lagun batek bidalitako komiki zahar bateko zinta batean Batman eta Robin elkarrekin borrokan ageri dira. Robinek dio: «Musikari hoberenak bertutetsu super-azkarrak eta…» Batmanek, belarrondoko bat emanez, erantzuten dio: «Musika artea da, ez kirola».

Xabier Erkizia

OVERSHARING (eta lau)

Tuesday, May 28th, 2013

oversharing4

2013ko maiatzaren 16an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Bost euro emanez gero, diskoaren bertsio digitala deskargatzeko aukera izango duzu, eta diskoaren karpetan eskerrak eta dagokizun kreditazioa emango zaizkizu. 12 euroren truke, hori guztia eta binilozko diskoaren kopia fisikoa jasoko dituzu. 25 euro ematera, aitzinekoaz gain, artistak zure izena aipatuko du diskoa osatuko duten kanturen bateko hitzetan. Prezio berean, binilozko diskoaren jatorrizko abiadura aukeratu ahal izango duzu, edo baita kanturen baten iraupena ere. 30 euroko dohaintza eginez, orain arte aipatutako opari (erosketa?) guztiekin batera, diskoko kantu bateko instrumentazioa edo musika estiloa erabakitzeko modua izango duzu. Prezio berean, diskoko kantu batean koruak abestu ahal izango dituzu, eta, jakina, korista gisara azalduko zara kredituetan. Euro gutxi batzuk gehiago bidaliko bazenitu, zure grabaketaren bat gehi dezakezu diskoan, edo kanturen baten hitzen gaia ere inposa dezakezu. 50 euroko aportazioarekin, orain arteko zerrendari, diseinuan zure gorputzaren atalen bat erakusteko aukera gehituko zaio. 75 eurorekin, zuzenean, zure hitzak jarri ahal izango dizkiozu kantu bati. 150 euro jarriz gero, zuri dedikatutako diskoa izango da, edo nahi izatera, diskoaren izenburua erabaki ahal izango duzu (inolako zentsurarik gabe). 700 euroren truke, diskoaren eta egitasmoaren egile eskubideak zuretzat gorde ahal izango dituzu. Azkenik, 1.300 euroko laguntza ematea erabakiko bazenu, orain arte aipatutako opari horiez guztiez gain, zurea ez den gainerako kopia guztiak errausteko eskubidea izango duzu. Aukera horrekin, gainerako mezenas edo emaile guztiek ere diskoa jasoko dute, baina binilozko ezpal eta kartoizko hauts bihurtuta. Zuk hala nahi izatera, diskoaren kopia oso bakarra zuretzat izango da.

Miguel Prado musikari galiziarrak egindako crowfunding egitasmo baten opari zerrenda da. Grazia gutxiko txiste txar gisa har dezakezu, edo partekatze eta finantzaketa sistema ustez berriek azpian gorde ditzaketen harreman irristakorren kritika zorrotz gisa irakurri.

Xabier Erkizia

OVERSHARING (3)

Tuesday, May 21st, 2013

oversharing3

2013ko maiatzaren 2an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:

Flashmob, lipdub eta antzeko bertzelako asmakizunei buruz ari naiz. Onartuta, ez dudala sekula halako batean parte hartu. Tira, erran dezadan behingoz, ez dut sekula halakoetan parte hartu, ez dudalako sekula haietan sinetsi. Ezin dut saihestu. 90eko hamarkadako telebistako anuntzioen antza hartzen diet. Zehazki zergatik jakin gabe, oraindik gogoan ditugun Villarriba eta Villabajo prefabrikatu haietako besta herrikoien antza hartzen diet.

Uler dezaket errebindikazio kolektiboren bat egiteko orduan tresna erabilgarriak izan daitezkeela. Uler dezaket talde sentimendua indartzeko ekintza baliagarriak izan daitezkeela. Baina ezin diet sinesgarritasunik eman. Ezkerreko nahiz eskuineko alderdi politikoek, gobernuz kanpoko erakundeek edo gurin konpainiek modu berean erabiltzen dituztela jakiteak ez die sinesgarritasuna irabazten laguntzen. Orokorrean, masaren parte sentitzea, norbera baino handiagoa den bertze zerbait boteretsuaren parte sentitzea baino ez dutela bilatzen iruditzen zait. Gazteleraz komunioa deitzen diote sentipen horri. Elizan bezala.

Musikak eta musikariek aunitz dakite komunioei buruz. Bai jaunartzeko banketetan musika jotzetik edo jartzetik bizi direnek, baita musika satanistak egiten dituztenek ere. Azken hauek seguruaski inork baino gehiago, elizari kontra egin ustetan haien sinbologia eta erritual berak erabiltzen baitituzte. Buruz behera, baina berdinak.

Errituala. Komunio partekatua. Sortu bezala desagertzen den behin-behineko gutasun flasha. Indartsua eta eraginkorra. Batzuetan nahi gabe edo intuizioz, bertzetan interes jakin batzuk jarraituz, arau edo behar bihurtzen dugun ekintza. Musikarekin gehiegi komunikatzen denean, gehiegi partekatzen denean, inork ez daki masa noraino irits daitekeen. Errituala makina bihurtzen da. Masak ez duenean komunikatzen berriz, frakaso kolektiboa aipatzen dugu. Musikak ez du hori baino gauza ederragorik, eta aldi berean beldurgarriagorik.

Xabier Erkizia

Norbaitek jaitsiko al dio bolumena gure egoari?

Friday, May 17th, 2013

p037_f01

“Ilusionismoa sortzeko gaitasuna ez da jada ikusizko artearen erantzukizuna. Orain, publizitatea eta bideo jokoak daude horretarako. Eta soinuari ere laster iritsiko zaio egoera horri aurre egiteko momentua. Gaur egun, esaterako, soinu diseinuaren inguruko ikerketarik garrantzitsuenak autogintzaren industrian egiten dira, eta musika, artearen ikuspegitik, behintzat, ezingo da diseinuaren industriarekin lehiatu. Laster, zure autoko atea ixtea gitarra batekin akorde bat egitea bezalakoa izango da. Eta hori da kezkagarriena. Orain gutxi arte, entzuleok eraikitzen genuen gure gustuko musikarekiko edo soinuarekiko harremana, guk nahi bezala, gure erabakien bidez, nahi genituen loturak eginez eta deseginez. Aspaldi honetan, ordea, dena prefabrikatuta dator.”
Diedrich Diederichsen, BERRIA 2013/05/17

Eta bidenabar… AUDIENTZIA

Sunday, May 5th, 2013

Anjel Lertxundik BERRIAn

Herritarrak garelakoan bizi gara, hautesleak eta cives guztizkoak, eskubidedun berdinez osatutako gizarte anitz bateko partaide eta eragileak. Herrigintzaren zutabe garelakoan gaude. Politikaren protagonista eta helburu garela sinestarazten digute, etorkizun hobe baten berme garela sinesten dugu.
Deskuidatuta gaude, arras ere makur.
Audientzia gara. Zenbaki hotz batzuk. Berek hitz egiten dute eta gu mutu. Ez digute entzuten, ezin diegu erantzun. Guk ondo eta etengabe jasotzen dugu berena. Berek ez dute, ordea, gurea jasotzeko premiarik. Zenbaki batzuk gara beren audientzia-emaitzetan, zenbakion arabera erabakitzen dituzte programak, programon ziabogak, estrategiak. Inkestetako zenbakiei begiratu, eta uste dute badakitela zer pentsatzen dugun, zer diogun, gure osti txarrak zenbateraino dituzten eramangarri.
Mendebalde osoan aspalditik barreiatu den jenderik gabeko politikak audientzia hutsa gaitu.

ADITZEN DUZU?

Sunday, May 5th, 2013

(gaur ere ezin eutsi…)

Entzuten duzu mundua zure barruan lehertzen? Aditzen duzu? Aditzen duzu mendien negarra, lurraren intziria, errekaren xuxurla, oihanaren ahots bizia zure bihotzean taupaka? Aditzen duzu jendearen egonezina, aditzen duzu bizi beharraren larria, aditzen duzu denboraren joanak, agonia kanpaien antzera, jendearen barruan sortzen duen oihartzuna? Aditzen duzu ur geldi hauen kiratsa? Aditzen duzu agintarien larderia betierekoa? Aditzen duzu zenbat hitz egiten duten ezer ez esateko, zenbat lan egiten duten ezer ez aldatzeko? Aditzen duzu bizitza irabazteko bizitza galtzen duten munduko langile guztien nekea? Aditzen duzu txiroaren tormentu estetikoa? Aditzen duzu jendea egunero ezinaren mina irensten? Aditzen duzu bere buruaz beste egitea erabaki duten guztiek erabakia hartzeko orduan begien aurrean zeukaten paper zuriaren isiltasuna? Aditzen duzu izuaren barre algara zitala? Aditzen duzu jendeen arteko tarte horren tentsioa? Aditzen duzu mundua gutako bakoitzaren barruan lehertzen? Aditzen duzu jateko ere ez daukan emakumea Idurre Eskisabeli laguntza eskatzen, bertakoa dela ziurtatzeko karneta erakusten dion bitartean? Aditzen duzu intimoa ez omen den bizitza publiko horren mina? Aditzen duzu?

Xabier Gantzarain

ENTZUN

Saturday, May 4th, 2013

(Ezin izan diot tentazioari eutsi…)
Entzun, XABIER GANTZARAIN, BERRIA 2013/05/04

Publikoa ere intimoa da. Barrukoena baldin bada intimoa, zer dago mundua baino barruagokorik? Entzuten dituzu txoriak kantuan, entzuten duzu jendea negarrez, entzuten duzu galipot bustiaren gainean dabiltzan ibilgailuen hots likitsa? Entzuten duzu gauaren isiltasuna zure buruko oihanean hedatzen, dena hartzen, dena iluntzen, entzuten duzu eguna amatatzen eta amiltzen? Entzuten duzu auzoaren telebista futbola botatzen? Entzuten duzu langileen iratzargailua goizeko bostetan jotzen? Entzuten duzu jendea negarrez, entzuten duzu jendea pozaren hari muturrari nola edo hala heltzen, hortzekin, izter artean, begiekin, hitzekin? Entzuten duzu kalean gurutzatzen dituzun ezezagunek zutaz segundo batean ematen duten epaia? Entzuten duzu polizien ahots hiltzailea? Entzuten duzu egunkarien marmarra? Entzuten duzu jendearen ametsetako musika? Entzuten duzu irribarre konplize baten soinu bare eta amultsua? Entzuten duzu begi txiki ederren mugimenduaren ziztua? Entzuten duzu nola doan nire bihotza abaila bizian hondamendira? Entzuten duzu nire buruko oihana, berde, lerden, zer den ere ez dakien sentimendu bati hazteko esaten? Entzuten duzu beldurra erraiak jaten? Entzuten duzu mundua zure barruan hazten?